XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hizkuntza usadiozko lexiko eta gramatika-nozioei loturik dago; hizketa, berriz, enuntziatu oro ezaugarritzen duen estilozko gertakarietan datza.

Mezua batez ere hizketari lotuago dago.

Balioa hizkuntzatik sortzen den bezala, signifikazioa hizketari dario.

Behartasuna eta aukera

Edozein hizkuntzaz ari garelarik ere, alde batetik behartasun-multzo baten aurrean aurkitzen gara.

Hitzen generoa, aditz-jokaerak, hitzen arteko komunztadurak eta abar.

Muga horietara makurtzea ezinbestekoa da, behartasun bat da, baina horien barruan dauden baliabideen artean aukerak egiteko eskudun gara; hain zuzen ere, askatasun horri esker sortzen da hizketa.

Zenbait aditz trinkozko era erabiltzea ez da behartasuna, aukera da (ikus ahal baneza, naizateke, bentzu).

Itzultzailearentzat garrantzi handikoa da zer idatzi duen beharturik eta zer aukera eginez jakitea.

Hiru planotan egin liteke aukeraren analisia: lexikoa, antolamendua eta mezuarenean.

Sorburu-hizkuntzan aukerek eskatzen dute batipat erne egotea.

Xede-hizkuntzan, berriz, adierazpen-askatasuna trabatzen duten behartasunak hartu beharko ditu kontutan itzultzaileak eta mezuaren ñabardura guztiak ongi eman nahi baditu aukerak ongi egiten asmatzea ezinbestekoa izango du.

Gainitzulpena

Behartasun bat aukera bezala itzultzen denean, sarritan gainitzulpena (surtraduction) deritzona gertatu ohi da.

Adibidez, aller chercher = bilatzera joan bezala itzultzen duenak, bi hitz autonomo bailiran itzulpena egitean, usadioak sagaraturiko esamolde frantsesa aukera bezala itzultzen du behartasuna delarik.

Frantsesera itzulpena egitera doanak guk euskaraz bilatu aditz bakarraz adierazten duguna esateko bi aditz horiek erabili beharko ditu.

Ingelesak ere aski dut [sic] to fetch aditza erabiltzea eta gainitzulpenean eroriko litzateke to go and look for esango lukeena.

Beraz, gainitzulpena, bi unitate ikustean datza bakarra baizik ez dagoen lekuan.